XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arratsak gaurdainokoan, gaua zor; gauak, atsedena, goiz ez bada berandu.

Berandu eta goizaldera gertatu ohi zen maizenik Errekorten eta hala izandu zen egun hartan ere.

Puskak pasa eta puskak ekarri egin ondoren, agertu ziren behingoan horratio koadrilakoak etxera, hartu zuten zerbait bero bana eta denak ere neka-neka, leher-leher eginak, oheratu ere egin ziren halakoren batean.

Denak, bai, nekatuak arras; ez gutxiago sutondo beroan betibateko tik-tak eta zirt-zarten kontrapuntu etengabean zai egonak, kainaberadi eta sasarte ondotik itzalean itzal ibiliak baino.

Dabilenak bai bait daki zer ari den, bidea ere berak bait darama; zai dagoena, aldiz, beti okerrenaren espero, deus ezer egitekorik gabe.

Amona eta biak beste behin egonak ziren Enkarnak bere kolkorako sarritxo ohi ziola: hara gu hemen bi; bera, ordea, Jainkoak daki nondi!.

Oheratu eta argia itzaltzeak berez zekarkion halako pakea eta patxara, egunak ez bait zion beste behin ere estuasuna besterik ekarri: estuasun eta kezka larri luzea, baina etenik zuen iada. Lo, beraz.

Ametsik gabeko loa berea, ez zuen eta horretarako astirik ere.

Ez zen presakakoa, barea baizik, laxoa, utzia....

Bestelakoa zuen amonak eta hala jakinerazi zion orduan ere etxeko guztiei.

Ez aurreneko aldiz eta ez azkenekoz ere, Enkarnaren loa onenean zegoenean, ohetik altsa amona eta kandela eskuan hara non dihoan eskaileretan behera eiara bidean.

Atalaga libratu ezinik ari zenean heldu zuen Enkarnak besotik.

Goazen, ama, denok hemen gara eta.

- Semea falta dinat oraindik eta eltzetsuak hor.

- Gaur izan dine ezusteko gaiztoren bat. Barrenak esaten zidanan....

- Tira, tira... Franzisko aspaldi dago lo.